XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HIESa birus bati (GIBari alegia) egozten zaio; birus honek globulu zuriak kutsatzen ditu eta aipatu ditugun ondorioak dituen ahultzea eragiten du.

Analisi baten bidez pertsona bat kutsatuta dagoela jakin nahi dugunean ez dugu birusa zuzenean bilatzen, eta horren ordez gure gorputzak birusari aurre egiteko ekoizten dituen substantziak (antigorputzak) detektatzen ditugu.

Pertsona batek substantzia horiek dituenean seropositiboa dela esan ohi da (honek ez du zerikusirik pertsonaren odol-taldeaz; hau da, seropositibok ez du O+ esan nahi). Pertsona batek antigorputz horiek ez dituenean seronegatiboa dela esan ohi da (ez du esan nahi 0- denik).

Seropositibo izateak ez du esan nahi pertsona gaixorik dagoela. Pertsona seropositiboek gaixotasuna gara dezakete edo ez. Izatez, eramaile hauek ez dute sintomarik, ez zaie nabaritzen antigorputzak dituztenik eta bizitza normala egin dezakete.

Gai honen inguruan asko ikertu den arren, ez dago HIESaren aurkako tratamendu edo txertorik. Hori dela eta, egin daitekeen gauza bakarra kutsadura saihestea da. Horretarako, kutsadura nola gertatzen den jakin behar dugu. Bideak ondoko hauek dira:

a) Odol-transfusioaren bidez edo odol-produktuak injektatzearen ondorioz

Egun bide horretatik kutsatzea ia ezinezkoa dela esan daiteke. Zera pentsatu behar dugu, birusa ezagutu baino lehen transfusioetarako odola ateratzen zenean inor ez zela birusagatik kezkatzen.

Horren ondorioz, hemofiliko askok gaixotasuna bide horretatik harrapatu zuten. Azken urteetan transfusioetan erabiltzen den odola arreta bereziz analizatzen da eta emaileak hautatzeko unean faktore hau kontuan hartzen da.

HIESaren birusak kutsatutako globulu zuria

b) Pertsona desberdinek orratz, xiringa eta tresna kutsatu berak erabiltzeagatik

Odola ateratzerakoan, hortzak erauzterakoan, tatuajeak, akupuntura edo piercing-a egiterakoan, etab.etan erabili eta botatzeko materialak erabiltzen badira kutsatzeko arriskua desagertu egiten da.

c) Amak seme edo alabari kutsatzerakoan

Seropositiboa den eta seme edo alaba eduki nahi duen pertsona orok, horrek dakartzan arriskuen jakitun izan behar da. Emakume seropositiboen seme-alabek antigorputzak dauzkate beren odolean.

Kasurik gehienetan lehen hilabeteetan galtzen dituzte, amarenak baitira. Denbora-tarte bat igaro ondoren antigorputzek odolean irauten badut,. amak, antigorputzez gain, seme edo alabari birusa ere eman dion begiratu behar da.

Hau kasuen % 20-25ean gertatzen da, eta baliteke umeak gaixotasuna garatzea.

Ama seropositiboa denean umeari titia ez ematea aholkatzen da, haurdunaldian zehar kutsadura gertatu ez bada; umeari bularra ematerakoan gerta dadin saihestu behar baitugu.